Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna
Emakume
Langilearen Nazioarteko Eguna martxoaren 8an ospatu
ohi da. Baina zer dakigu egun honi buruz?
Kronologia
- 1910: Emakume Sozialisten Nazioarteko Biltzarra Kopenhagen egin zen eta Clara Zetkin komunista alemaniarrak emakumeen eskubideen aldeko eguna aldarrikatu zuen. 17 herritako 100 bat emakume ziren bertan eta proposamena aho batez onartu zuten.
- 1911: Aurreko urteko erabakiaren ondorioz, lehen aldiz ospatu zen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan. Martxoaren 19an egin zen urte hartan eta milioi bat pertsona bildu zituen, emakumeentzako botoa, kargu publikoetara iritsi ahal izateko eskubidea, lanerako eskubidea edo berdintasuna hezkuntzan eskatuz. Astebete beranduago, martxoaren 25ean, 140 emakume langile hil ziren New York-eko Triangle fabrikako sutean. Gehienak gazteak ziren, italiar immigranteak eta juduak. Gertakizun latz hura behin eta berriro izango zen gogoan ondorengo urteetan egingo ziren ospakizunetan.
- 1913-1914: Lehenengo Mundu Gerran parte hartzearen aldeko eta kontrako iritzietan banatuta zeudenean, Errusiako emakumeek Lehen Nazioarteko Eguna ospatu zuten 1913ko otsaileko azken igandean. Europako beste toki guztietan hurrengo urteko martxoaren 8an izan ziren gerraren aurkako protestak eta emakumeen arteko solidaritatea aldarrikatuz.
- 1917: Gerrak 2 milioi soldadu errusiar hil zizkien eta Errusiako emakumeek greba egin zuten "ogia eta bakea" eskatuz. Berriro otsailaren azken igandea izan zen. Lau egun beranduago tsarra bere kargua utzi beharrean izan zen eta behin-behineko gobernuak boto eskubidea eman zien emakumeei. Otsailaren 23a zen igande hura Errusiako egutegian, baina beste herrialdeetan erabiltzen zen egutegi gregorianoan, martxoaren 8a.
- 1977: Euskal Herrian lehen aldiz ospatu zen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, Bilbon hain zuzen ere.[1]
Rosie the Riveter AEBetako ikono feminista.
Martxoaren 8a
Hala ere, 1908an
New York-eko fabrika batean 146 emakume langile hil zirelako ezagutzen dugu
gehienok martxoaren 8a. Protestatzen ari ziren soldata miserableak eta oso lan
baldintza txarrak zituztelako eta jaurtiki zizkieten suzko bonbek izugarrizko
sutea eragin zuten.
Hala ere,
zenbait historialariren iritziz, gogoratzen dena ez da 1908ko
gertaera, 1909ko irailaren 27an gertatutakoa, baizik. Badirudi New
York-eko 20.000 langilek, gehienak emakumezkoak, 13 aste iraun zuen greba egin
zutela. Sufrimendu latza jasan zuten, gosea, atxiloketak, despidoak..., baina
eskariak betetzea lortu zuten. 1909ko martxoaren 8an berriro konbokatuko zen
manifestaldia, hobekuntza gehiago eskatuz.
1911n
Triangle Shirtwaist Company-n gertatutako suteak oihartzun ikaragarria izan
zuen AEB-etan, bertan hil ziren emakumeak aurreko urtean lehen emakume greba
egin zutenak izan baitziren, lanerako baldintza hobeak eskatzen zituztenak,
alegia.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina