KORRIKA
SORRERA
Korrika euskararen alde Euskal Herrian zehar lasterka egiten den martxa
da, arineketan egiten den manifestazio baten modukoa. AEK
euskaltegi elkarteak antolatzen du. Bi urtez
behin egin ohi da eta bi aste inguru behar izaten du lurralde guztia zeharkatzeko.
Urtero ibilbidea aldatu egiten da, baina beti 2.300 kilometro inguru izan ohi
da. Ateratzen denetik amaitu arte, lekukoa eskutik eskura, herriz herri
aldatzen joaten da, baina martxa ez da inoiz geratzen, ez gauez ezta egoera
klimatologiko txarrengatik ere.
Lehen
Korrika 1980an egin zen; eta orain arteko azkena,
hamazortzigarrena, 2013an. 1999tik
aurrera, Euskal Herritik at ere Korrika ekimenak burutu zituzten, atzerrian
bizi diren euskaldunek edo euskal diasporako kideek bultzatuta.
Martxaren
buruan, lekukoa duen pertsona joaten da. Kilometro oro, lekukoa erakunde edo pertsona
zehatz batzuek eramaten dute. Erakunde edo pertsona horiek kilometroa
"erosi" egiten dute, euskararen aldeko erakundeak
ekonomikoki laguntzeko. Lekukoa Korrikaren lehen ediziotik gordetzen den zur
tailatuzko makila eta ikurrina dira.
Testiguaren
atzean, martxaren burua osatzen da, non urte bakoitzeko leloa dakarren pankarta
ikus daitekeen. 2005ekoa, 14. Korrikan, Euskal Herria
euskalduntzen. Ni ere bai! izan zen; 2007koa,
berriz, Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari. 2009koa,
16. Korrikan, Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira. Pankarta
horren atzean gainerako jendea biltzen da, musikarekin lasterka. Eta, ibilbide
guztian zehar, ospakizun kultural ugari izaten da.
Izan ere,
Korrikaren inguruan, ekimen kultural ugari (kontzertuak, tertuliak, hitzaldiak,
antzezlanak, erakusketak...) egiten da herriz herri. Korrika Kulturalaren
barnean biltzen den kultur programazioa da.
Honetaz
gain, Korrikarekin batera Ziberkorrika izeneko ekimena ere garatzen da. Munduko
txoko desberdinetatik ziberkilometroak erosten dituzte, interneten Korrika birtual eta paralelo bat
osatuz.
Aurreko 18 ekitaldiak
- 1980ko azaroaren 29tik abenduaren 7ra: 1. Korrika, Oñati-Bilbo. Leloa: Zuk ere esan bai euskarari. Abestia: "Korrika 1" (Xabier Amuriza).
- 1982ko maiatzaren 22tik 30era: 2. Korrika, Iruñea-Donostia. Leloak: AEK, euskararen alternatiba herritarra eta Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde. Abestia: "Korrika 2" (Akelarre).
- 1983ko abenduaren 3tik 11ra: 3. Korrika, Baiona-Bilbo. Leloa: Euskaraz eta kitto!. Abestia: "Korrika 3" (Egan).
- 1985eko maiatzaren 31tik ekainaren 9ra: 4. Korrika, Atharratze-Iruñea. Leloa: Herri bat, hizkuntza bat!. Abestia: "Korrika 4" (Lontxo Aburuza).
- 1987ko apirilaren 3tik 12ra: 5. Korrika, Hendaia-Bilbo. Leloa: Euskara, zeurea. Abestia: "Korrika 5" (Oskorri)
- 1989ko apirilaren 14tik 23ra: 6. Korrika, Iruñea-Donostia. Leloak: Euskara Korrika eta kitto eta Euskal Herriak AEK. Abestia: "Gu AEK-koak gara" (Xanti eta Maider)
- 1991ko martxoaren 15etik 24ra: 7. Korrika, Gasteiz-Baiona. Leloa: Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria. Abestia: "Korrika 7" (Irigoien Anaiak eta Mikel Erramuspe)
- 1993ko martxoaren 26tik apirilaren 4ra: 8. Korrika, Iruñea-Bilbo. Leloa: Denok maite dugu gure herria euskaraz. Abestia: "Aide Korrika" (Tapia eta Leturia). Korrika Kulturala ekimena hasi zen, baita Korrika Kirolaria ere (azken hori, desagertua).
- 1995eko martxoaren 17tik 26ra: 9. Korrika, Donibane Garazi-Gasteiz. Leloa: Jalgi hadi euskaraz. Abestia: "Bizi ganoraz" (Maixa eta Ixiar, Alex Sardui, Kepa Junkera).
- 1997eko martxoaren 14tik 23ra: 10. Korrika, Arantzazu (Oñati)-Bilbo. Leloa: Euskal Herria Korrika!. Abestia: "Euskal Herria Korrika" (Gozategi).
- 1999ko martxoaren 19tik 28ra: 11. edizioa, Iruñea-Donostia. Leloa: Zu eta ni euskaraz. Abestia: "1 eta 1" (Joxe Ripiau). Bartzelona eta Londresko euskaldunek ere Korrikak egin zituzten.
- 2001eko martxoaren 29tik apirilaren 8ra: 12. Korrika, Gasteiz-Baiona. Leloa: Mundu bat euskarara bildu. Abestia: "Big Beñat" (Fermin Muguruza).
- 2003ko apirilaren 4tik 13ra: 13. Korrika, Maule-Iruñea. Leloa: Herri bat geroa lantzen. Abestia: "Gero bat gaurdanik" (Mikel Laboa eta Ruper Ordorika).
- 2005eko martxoaren 10etik 20ra: 14. Korrika, Orreaga-Bilbo. Leloa: Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai!. Abestia: "Ni ere bai" (Afrika Bibang).
- 2007ko martxoaren 22tik apirilaren 1era: 15. Korrika, Karrantza-Iruñea. Leloa: Heldu hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari. Abestia: "Heldu" (Niko Etxart eta El Drogas). Madril, Bartzelona, Mar del Plata (Argentina) eta Pekingo euskaldunek ere Korrikak antolatu zituzten.
- 2009ko martxoaren 26tik apirilaren 5era: 16. Korrika, Tutera-Gasteiz. Leloa: Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!. Abestia: "Ongi etorri laguna" (Betagarri).
- 2011ko apirilaren 7tik 17ra: 17. Korrika, Trebiñu-Donostia. Leloa: Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari. Abestia: "Pausoz pauso euskalakari" (Gose).
- 2013ko martxoaren 14tik 24ra: 18. Korrika, Andoain-Baiona. Leloa: Eman Euskara Elkarri. Abestia: "Bagoaz" (Esne Beltza).
- 2015eko martxoaren 19tik 29ra: 19. Korrika, Urepel-Bilbo. Leloa: Euskahaldun. Abestia: "Denok Korrikara".
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina